images ideas e ideais logo

Munduan Gu geu izateko Ideiak eta Gogo-asmoak

Instituto Galego de Análise e Documentación Internacional (IGADI)   —Galiziako Nazioarteko Analisi eta Dokumentaziorako Institutua— think tank beregain bat da, 1991n sortua  asmo bikoitz batekin: bateko, nazioarteko gizarte garaikidearen arazoei eta joerei buruzko gogoeta egitea eta, besteko, Galizia munduan maila guztietan txertatuago egon dadin bultzatzea.


Ikuspegia

Galegismo historikoaren tradizio unibertsalista eta erro-errotik humanistaren jarraitzailea izanik, IGADIk halako  nazioarteko sistema bat sustatzen du non, oinarriak baitira: demokrazia; Planetako baliabideak pertsonen eta herrien artean zuzen banatzea; haiek modu arduratsu eta jasangarrian erabiltzea; Giza Eskubideekiko errespetua eta aniztasuna defenditzeko konpromisoa, eta identitate guztien arteko elkarrizketa integratzailea ziurtatzen duten bizikidetza-formulak bilatzea.

Eginkizuna

IGADI kolektiboaren egitekoa gizartea zerbitzatzea da, argi eta garbi eta erabateko bergaintasunez jarri delarik hartara, beregaintasunaren baldintza hori ezinbestekoa  baitu jarduera anitz eta alderdiez haraindikoa sustatzeko; bere burua elkartze-gune gisa finkatu nahi du, halako eraz non, sentsibilitate eta diziplina guztiek  modu leial eta eraginkorrean garatzerik izan dezaten. Instituzioek eta, oro har, Gizarteak IGADI kolektiboan  tresna laguntzaile bat dute euren kanpo-ekintzako estrategietarako.

Gure helburuak

  • Instituzioetako eragileen kanpo-ekintza definitzerakoan eta dinamizatzerakoan   eragina duen erakunde gisa sendotzea, maila guztietan eta haiekin  guztiekin zuzenean hitz eginez, eta iritzia sortzeko gaitasunarekin, hala zuzenean nola hedabideen bitartez .
  • Erreferente beregain bat bihurtzea, Galizia nazioartekotzea interesatzen zaien pertsonentzat, instituzioentzat eta enpresentzat, eta halaber,  nazioarteko harremanetan espezializatutako zentro bat, joera politiko eta soziokultural desberdinen arteko zubi-eraikitzaile izateko bokazio onartuarekin berori.
  • Nazioarteko debate handiekin lotutako bikaintasun-erakunde gisa sendotzea, tokiko aitormena nahiz globala duten hausnarketa kritikoa eta ezagutzak sorrarazteko gaitasunarekin.
  • Identitatedun nazioartekotze-prozesu anitz eta bateratzaile bat sustatuko duen aliantza bat eratzea, Galizia munduan autonomia-erkidegotzat estea oinarri.

Gure tresnak

  • Ekimenak eta analisiak formulatzea, joera globalak ulertzea ahalbidetuko duen  eta nazioarteko arazoen gaineko gogoetaren eta azterlanaren abangoardian kokatuko gaituen kalitateko informazioa sorraraziz.
  • Bai Galiziarentzat bai nazioartean interes estrategikoa duten esparruetan ikerketak egin daitezen sustatzea, diziplinartekotasunaren eta joera berriak identifikatzea eta politika publikoak erraztuko dituen ikuspen prospektibo baten alde eginez.
  • Debate-gune bat finkatzea nazioarteko kontuetan interesaturik dauden pertsona eta erakunde guztientzat, lankidetza-asmo eraldatzailea duketen aliantzak sortzea helburu.
  • Zuzen-zuzenean inplikatzea, administrazioek, eragile ekonomikoek eta gizarte zibileko beste arizale batzuek kanpo-konpromiso handiagoa izatea bidera dezaketen proposamen zehatzak dinamizatzerako zereginean.

Jardun-esparruak

Gure jarduera 4 esparrutan  garatuko da nagusiki

Dokumentazioa

Nazioarteko Informazio eta Dokumentazio Garaikideko Zentroa (CIDIC) bakarra da arlo horretan Galizian, hemeroteka espezializatu bat du eta nazioarteko gaiei buruzko ehundik gora agerkari jasotzen ditu. Hiru hilerik behin “Sumarioen Aldizkari” bat argitaratzen du.

Analisia eta ikerketa

Ikerketa-programek (Paradiplomazia; Segurtasuna, Gatazkak eta Bakegintza, eta Nazioarteko Garapenerako Lankidetza) izari analitikoan sakontzea eta, zenbait herrialdetan bizi direla, zentroari elkartuta dauden ikertzaileen lankidetza erregularizatzea ahalbidetzen du. Paradiplomazia programan munduko paradiplomazia oinarritzen den koadro teorikoa aztertzen dugu, galiziar paradiplomaziaren lehentasunezko ardatz espezifikoak  ere definituz. Segurtasuna, Gatazkak eta Bakegintza programan joera globalak nahiz  kasuan kasuko azterlan batzuk analizatzen ditugu, abaguneaz haraindi joaten saiatzen garelarik. Nazioarteko Garapenerako Lankidetzan Galiziako eredua aztertzen dugu, eta berori eten gabe aberasten joateko bideak eta formulak iradokitzen

IGADIk hornitutako analisien asmoa da, erabakiak hartzerakoan eginkizun erabilgarria betetzea eta ikerketaren lehentasunezko arloetan nazioarteko aitormendun  espezializazio maila bat edukitzea. Ondorio horietarako, arreta berezia  ezartzen du ikaskuntza- eta unibertsitate-eremuarekiko eragin-elkartrukean.  

Hedapena

Nazioarteko arazo, gatazka eta joerei buruzko tribuna eta iritzi-gune asko eratu eta argitaratzen ditu Galiziako nahiz hortik kanpoko hedabide ugaritan (prentsa, irratia eta telebista) eta aldizkari espezializatuetan.

Texturas Internacionais (Nazioarteko ehundurak)  bildumaz gain,  argitalpenez denaz bezainbatean nabarmentzekoa da Tempo exterior  (Kanpo debora) nazioarteko azterlanetarako aldizkari seihilabetekaria; 1997an sortu zelarik, 2000n birsortu zen. Tempo exterior aldizkaria, zeinek Kontseilu Akademiko zabala baitu, gogoeta eta debaterako elkargune bat da, eta beraren helburua, galiziar gizarteak munduan jarduteko oinarri erkideak taxutzen joatea da.  Orobat, Igadi Annual Report eta We in the World deritzenak argitaratzen ditu, Galiziaren kanpo-ekintzari buruzko txostenak. 2011n Informe Mundial sobre Estados de Hecho (Egitezko Estatuei buruzko Mundu Txostena) argitaratzen hasi zen.

Nazioarteko informazioan interesatutako hainbat kazetarik (Galiziako Kazetarien Elkargoaren lankidetzarekin) osatutako ORBALIA sareak, zein IGADIk antolatu eta dinamizatzen duen, hedabideetan nazioarteko informazioari eta analisiari ikusgaitasun handiagoa eman eta Galiziaren kanpoko interesetara zuzentzea du helburu. 

IGADI institutuak nazioarteko gaien gaineko adituak trebatu eta hornitzen ditu.

Kudeaketa

IGADIk 1997an Fondo Galego de Cooperación e Solidariedade (Galiziar Lankidetza eta Elkartasun Funtsa) elkartearen (www.fondogalego.org) sorrera sustatu zuen,  eta gaur egun udalerri eta  aldundien elkarte horretako Idazkaritza Teknikoan dihardu. Fondo Galego  funtsera ehundik gora toki-entitate daude bilduta, euren garapenerako lankidetza-ekintzak bateratzea xede.

Txinako Politikagintzaren Behatokia (OPCh) (www.politica-china.org) IGADIk sustatutako egitasmo bat da, eta Asia Etxearen sostengua ere badu. Aipatu behatokiaren helburua,  txinatar munduaren bilakaera politikoaren jarraipen iraunkorra egitea da, arreta ipiniz hango sistema politikoan eta legeetan, kanpo-politikan, Taiwán-en gaian, gutxiengodun nazionalitateetan, giza eskubideetan edo segurtasun eta defentsa kontuetan. IGADI institutuak Red Iberoamericana de Sinologia (Sinologiaren gaineko Sare Iberoamerikarra) sustatu zuen, eta orain berak kudeatzen du hamabi bat herrialdetako hogeitik gora espezialistak parte hartzen duten erakunde hori. OPCh behatokiak Txinako Politikagintzari buruzko Urteko Txostena  eta Jiexi Zhongguo aldizkari digital hiruhilabetekaria argitaratzen ditu. Orobat, Txinatar Politikagintzari buruzko Nazioarteko Sinposio Elektronikoa antolatzen du.

Observatorio Galego da Lusofonía (OGALUS) behatokiak  hizkuntzan ipintzen du ahalegina; lusofonia osatzen duten herrialdeetako gertaera orokorren jarraipen  analitikoa sustatzen du, galizieraren eta lusofoniaren arteko maila guztietako lankidetzari buruz sentsibilizatzeko eta berori dinamizatzeko proposamenak sorraraziz.

Cambados, Corcubión eta Vilagarcía de Arousa udalerriek parte hartuta eta Galiziako Itzultzaileen Elkartearekin elkarlanean Fundación Plácido Castro fundazioa (2001) sortu eta bultzatzeak galegismo historikoko figura nabarmen baten obra eta pentsamendua errebindikatzeko bitarteko bat da. Fundazioak bere jardueren artean, besteak beste, “Urteroko Konferentzia” eta Itzulpen Sariketa antolatzen ditu.

Lantaldea gara

IGADIren egituraren erdigunea oinarrizko lantalde iraunkor bat da, analista zenbaitek, webmasterrak eta administrazio-langileek osatua, eta gainera, haren osagarri, kolaboratzaile eta ikertzaile atxikien sare bat badu.

Kontseilu Artezkariak —anitza maila guztietan—  garrantzi handiko ekarpena  hornitzen du, Institutuaren helburuak eta jarduerak ebaluatu, hobetu eta eguneratzeaz denaz bezainbatean.

IGADIk tutoretzadun praktikak egiten ari diren ikasleak hartzen ditu eta ikertzaileen elkartrukea ere sustatzen du. ARREDALIA da praktiketako ikasle ohien sarea.

2011-2016 epealdirako nabarmentzen diren lehentasunak

Aztergai ditugun eremu geopolitiko nagusiak hobeto ezagutzea: Latinoamerika, Txinatar mundua, Ekialde Hurbila, Lusofoniako herrialdeak, Europa —arreta berezia ipinita Eremu zeltan eta Ekialdean— eta SESB ohiaren eremua.

Prestakuntza interes espezifikoko esparru gisa integratzea, unibertsitateek, ikasketa-zentroek, publikoak zein pribatuak izan, eta gaitasun maila bateko nahikotasun akademikoa lortzeaz arduratzen diren beste erakunde batzuek antolatutako ikastaroetan parte hartzea sustatuz. Baita norberaren ikastaroak eta ekimenak sustatuz ere. 

IGADIren diskurtsoa eta dokumentuak hobeto ezagutaraztea, interesaturik dauden pertsonengana eta kolektiboengan jariotasun handiagoz iritsi daitezen saiatuz, Europar nahiz nazioarteko esparruetako kideko erakundeen ingurunera bereziki.

Geure jardueretan inplikatutako pertsonen eta erakundeen multzoa zabaltzea, bereziki enpresa, politikagintza eta elkartze arloetan.

IGADI  bera Galizian erreferentziazko gisa sendotzea  bai debaterako, bai gogoeta anitzerako eta kultur arteko trukerako, zehazki, ideia berritzaileak sorrarazteko eta nazioarteko kontuetan gizarte-ehunean benetako eragina izateko gauza izanik.  

Sinergiak ezartzen eta, Galizia barruan nahiz kanpoan, antzeko helburuak dituzten beste erakunde batzuekiko konbergentziak bultzatzen laguntzea, aliantzak eginez eta sare global zenbaitetan integratzea ziurtatuz.

Versión de Mikel Burzako (Fundación Sabino Arana)

images ideas e ideais illa